XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Soldadu sentitu zen bapatean, eta gainera zaldi bat zeukan, eta baita Lotario gure jaunak erregalaturiko zilarrezko puinale bat ere.

Printze baten dotoreziaz abiatu zen, eta denok ere miresgarritzat jo genuen Guillaume-ren fiertasuna.

Lorenaren etorkizuna bere esku gorrietan zegoela iruditzen zitzaigun.

Guztiarekin, inork ez zeukan batailarako gogorik.

Hotzak ez zuen etsitzen, negua bera ere normandarra izan bailitzen.

Izoztu egiten zen esnea ontzietan.

Desertioneak ugarituz zihoazen.

Eramandako aurpegi alai berbera ekarri zuen Guillaumek itzultzerakoan, partitu eta handik hamabost bat egunetara, eta Lotario gure jaunaren dendarantz egin zuenean, atzetik jarraitu gintzaizkion kanpamenduko soldadu guztiok, denetara mila eta bostehun ginenak.

Orain bai izango dugula normandarren berri, esan nion Pierre-ri.

Baina Guillaume ikusitakoa adierazten hasi zenean harriturik begiratu genion elkarri.

Ez genuen ezer ere ulertzen.

Ez zuen egiten Lorena-ko hizkuntzan, ez eta latinez ere.

Lotario gure jauna galdezka hasi zitzaionean, umea bera ere gu bezain harritua geratu zen.

Ez zien antzik ere hartzen galdera haiei.

Badakik zer esan nahi duen honek, Jean Baptiste? besarkatu ninduen lagunak.

Esaidak, Pierre.

Normandarren indar izugarria, Jean Baptiste.

Guillaumek haien hizkuntza ikasi dik egun gutxi batzuen buruan, eta berea, berriz, ahaztu.

Gutxienez hogei mila soldadu badituk normandar horiek.

Baina, Pierre, umeak buru xamurrekoak izaten dituk.

Erraztasun haundia zeukatek hitz berriak ikasteko.